OLENTZERO : Bilborat helduko da astelehen honetan

Olentzerok eta Mari Domingik Bilboko karriketan barna eginen duten ibilaldia zuzenean eskainiko du ETB3k, 18:45

Arantza Bereau

12/23/2024

Asteburuan Baiona, Angelu eta Miarritzen agertu ondoren, astelehen arrats honetan Mari Domingi eta Olentzero Bizkaiko hiribururat helduko dira. 18:45tik goiti, kolorez eta musikaz beteriko ikuskizun handia eskainiko du Euskal Telebistak, Andoni Mutiloaren eta Aritz Mendiolaren kontakizunarekin.

Carlton Hoteleko balkoitik ohiko agurra egin ondoren, kalejiran abiatuko dira biak, euskal mitologiako pertsonaiak ondoan dituztela, horien artean, galtzagorriak, Lamia, Basajaun, eta baita zanpantzarrak, dantzariak eta musikariak ere. Kale Nagusian behera osatuko duten ibilbidea eta Arriaga plazan eskainiko duten ikuskizuna Euskal Telebistaren bidez begiratzeko parada izanen da.

Bestalde, abenduaren 24ko gauean, musika eta alaitasuna izanen dira protagonista nagusiak "Herri Txiki, Zirku Handi" saioko oholtzan, 23:15etik landa, ETB1 katean eta eitb.eus atarian. Mikel Pagadik eta Miren Nogalesek gidaturik, aurpegi biziki ezagunak agertuko dira Gure Zirkuaren oihal etxean euskal kantak eskaintzeko gisan, gaur egungoak eta baita herrikoiak ere.

Adin eta belaunaldi ezberdinetako musikariak entzunen ditugu gau berezi horretan, tartean Janus Lester, Estitxu Pinatxo eta Petti, Pantxoa eta Orioko Salatxo abesbatza. Chill Mafiako Flako Fonki eta Kiliki Frexko Gontzal Mendibil musikariarekin batera arituko dira, estreinakoz, "Merezi ote" abestiaren moldaketan; eta Iker Laurobak eta Leire Letuk omenaldia eginen diote Benito Lertxundiri. Korrontzi taldearen doinuei laguntzeko sei dantzari hupatuko dira oholtza gainerat, eta Sua Enparantza eta "Go!azen" telesaileko zenbait antzezle ere bertan izanen dira. Aurtengoa Joko Olinpikoen urtea izaki, ezin falta hitzordura gure kirolari olinpiko eta paralinpikoak: Iñigo Llopis, Nahia Zudaire, Naia Laso, Miren Lazkano, Janire González-Etxabarri eta Alain Kortabitarte entzunen ditugu aurten "Herri Txiki, Zirku Handi" saioa berezian.

Urtero bezala, EITBko ordezkaritza zabala izanen dute Mirenek eta Pagadik: sukaldeko solasak bazter batera utzi eta mikroa hartuko dute Javi Riverok, Zigor Iturrietak, Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek; eta, Ondas Saria eskuratu berritan, Euskadi Irratiko "Faktoria Magazina" programako lantaldea animatuko da abestera.

Haurrez inguraturik, "Olentzero" kantu berria oparituko du IZAROk, eta Maren bakarlariaren ahotsak ere jantziko du ETB1eko Gabon gaua.

Azkenik, urtea agurtzeko Ilaski Serrano eta Leire Martinez lehen aldiz kanpaien emanaldiaren aurkezleak izanen dira, Julen Telleriarekin eta África Baetarekin.

Urtero bezala, Gasteizko Plaza Berritik, agurtuko du urtea EITBk, ETB1en, ETB2n eta eitb.eus atarian. Besta handia bilakatu du EITBk Plaza Berria eta bertaratzen diren guztiekin, musikarekin, su artifizialekin eta hainbat sorpresarekin erranen dio agur urteari. Aurten ere deia eta gonbita zabaldu nahi du EITBk: 23:00etatik landa, mahatsak eta kotilioi poltsatxoa banatuko ditu, bertaratu eta ospakizunarekin bat eginen duten guztien artean.

ETB1en lehen aldiz Ilaski Serrano izanen dugu kanpaien emanaldian, Julen Telleriarekin. Plazan bildutakoei elkarrizketak egiten Iñigo Agirre kazetaria izanen dute. ETB2n, berriz, Africa Baetarekin batera, estreinakoz, Leire Martinez aurkezle eta kantaria arituko da. Txurruk, berriz, plazako giroa eta ahotsa jarriko die bertan direnei. Halaber, eitb.eus atarian zuzenean eskainiko dira bi emanaldiak.

Kanpaien ondoren, su artifizial saio batekin emanen zaio hasiera urte berriari EITBko bi telebista kateetan, eta lau aurkezleek elkarrekin itxiko dute saioa, 2025ari ongietorria emanez, sorpresa artean. Euskal talde ezagun baten musika saioa segitu ahal izanen da urtea behar den bezala hasteko.