EiTB : "Ur Handitan" saioaren denboraldi berria, ostegunetik goiti
Xabier Madariaga kazetariak aurkezten duen saioak beeratzigarren denboraldia hasiko du. Adinekoen zaintza, gehiegizko medikazioa eta animaliek gizakiari ematen dieten laguntza jorratuko dituzte.
Urrian eta abenduan Palestinako gatazkari eta gaixotasun kardiobaskularrei eskainitako saio berezien ondoren, gizartearen intereseko beste zenbait gai hurbileko ikuspuntutik aztertuko ditu Xabier Madariagak: hala nola iruzurtiaren sindromea, adinekoen zaintza, gehiegizko medikazioa eta animaliek gizakiari ematen dioten laguntza.
Gai sozial sakonak jorratzen dituen "Ur Handitan" saioak bederatzigarren denboraldia hasiko du ostegunean (urtarrilak 9), ETB1en eta eitb.eus atarian, Xabier Madariagak aurkezturik. Publiko euskaldunaren erreferentziazko programetako bat bihurtu da, gizartearen intereseko gaiak errealitate eta ikuspuntu desberdinetatik erakusten baititu elkarrizketa pertsonalen bidez. Iruzurtiaren sindromea izanen du ardatz aste honetako saioak, oroz gainetik emazteek bizi duten fenomeno psikologikoa. Onintza Enbeita, Ines Osinaga, Itziar Diez de Ultzurrun, Silvia Cantera, Iratxe Las Hayas eta Nora Errezolak euren esperientziak kontatuko dituzte.
Konfiantza falta, gai ez izatearen sentsazioa, etengabe epaituak izateko beldurra… Sentipen horiek "iruzurtiaren sindromea" deritzon autoestimu falta osatzen dute. Sentsazio horiek lausotu egiten dute gailurrera iristean sentitzen den poztasun eta harrotasuna, eta, aldi berean, gai ez izatearen sentsazio horrek proiektuei edo lanei ezetz esatera eramaten zaitu.
Bederatzigarren denboraldi honek bi atal berezi izan ditu. Lehena urriaren 7an emititu zen, Palestinako gatazkaren inguruan. Gazako sarraskiaren hasieraren urteurrenean, gatazkan hildako Ivan Illarramendiren anaiarekin hitz egin zuen Xabier Madariagak eta Jerusalemen bertan ere izan zen, bertako herritarrekin hizketan. Bigarren atalak, abenduaren 10ean, gaixotasun kardiobaskurrak aztertu zituen, EITB Maratoiaren kausarekin bat eginez.
Ondoko asteetan jorratuko dituzten gaien artean daude, besteak beste, adinekoen zaintza, gehiegizko medikazioa eta animaliek gizakiari ematen dieten laguntza.